Inaziotar Bideak geroz eta bisitari gehiago erakartzen ditu Abaraxka Azkoitia Hostelera. Badakizue, Loiolan hasi eta Manresan bukatzen dena. Datorren urtean, gainera, Inaziotar Urte berri bat hasiko da eta begi eta gogo gehiago egongo dira bidean jarrita. Aita Santua bera ere mugituko ote den zurrumurrua aidean dabil. Agian Manresara, beharbada baita Loiolara ere. Auskalo.
Blogaren sarrera honetan aipatu nahi duguna xumeagoa da, baina, guretzat behinik behin, oso inportantea. Bartzelonatik etorri zitzaigun bikote jator bat trenez hurbildu zen Zumarragaraino. Gauez iritsi ziren, hamarrak jota, eta gaua gurean pasatzekoak ziren, hurrengo egunean Loiolara jeitsi eta bidea hasteko. Zumarraga ezagutzen duzuenok jakingo duzue Azkoitirako autobusa bertan hartzen dela, geltokian alegia.
Gure bikotea urduri samar zetorren, berandutzen ari zelako. Geltokitik ateratzean, ordea, autobusa hantxe ikusi eta lasaitu egin ziren. “¡Tot bé!”, pentsatu zuten, “dena ondo”. Autobusera sartzen ahalegindu zirenean, ordea, gidariak txartela eskatu zien. Gure bisitariek, jakina -gogoratu, Bartzelonako bikote bat zen-, txartelik ez zutela eta aber non eros zezaketeen galdetu zioten gidariari, pentsatuz geltokian bertan bi bilete erosteko aukera izango zutela. Edo, bestela, jakina, autobusean bertan.
Ba ez, ez geltokian ez autobusean, ez txartel ez bono ez bilete, kalean gelditu ziren biak, edo kalean utzi zituzten, Zumarragan, gaueko hamarrak jota.
Bus konpainiaren arauak beteko zituen gidariak agian, gaizkiulertu bat izango zen beharbada (txartelarekin bakarrik ordaindu daiteke orain, eta askok MUGI txartela edukiko duzue… eta baliteke dena nahasmen baten ondorio izatea: agian ez zien MUGI txartela eskatu, txartelarekin ordaintzeko baizik eta ez ziren ongi ulertu, auskalo), baina ondorioa ez da bidezkoa: ez da bidezkoa bi pertsona nagusi, kanpokoak izan ala bertakoak, biletea ordaintzeko prest zirenak -eta arauen berririk ez zutenak, jakina-, ordu horretan eta era horretan autobusera igotzeko baimenik eta aukerarik gabe uztea kale gorrian, Zumarragatik Azkoitira joan behar zutenean. Zerbitzu publiko bati askoz gehiago eskatu behar genioke.
Portzierto, ez dakizue ze bikote jator, sasoiko, goxo eta interesgarri! Ez zuten inor kritikatu nahi izan, baina guri behinik behin ez zaigu normala iruditzen, eta hemen esanda uztea nahi izan dugu behinik behin.