Bukatu da abuztua. Birusa dela eta ez dela, gurea bezalako proiektuentzat (eta, zoritxarrez, beste askorentzat, jakina, kolpea orokorra baita) uda gogorra izaten ari da (udaberri latz baten ondoren). Lana egin ahal izan dugu, eta ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzen saiatu gara gure lagunentzat, bezeroentzat eta Hostelera etorri direnentzat, espazioan, segurtasunean, garbitasunean eta tratu goxoan oinarrituta, baina ez, inondik inora, uste eta nahi genuen bezala, jakina, ez buruan genuen bezala, prestatua genuen bezala.

Udaberria proiektu askorekin zetorkigun, “Udaberria Jaia” izena emana genion ideia polit batekin, martxoaren 21erako antolatua genuena, bere kartel eta guzti: musika, erakusketa, ate irekiak, pintxoak eta tragotxo bat hurbiltzen zirenentzat, jolasgunea, umeentzako ikuskizun txiki bat…

Birusak linboan utzi zuen guztia, baina ez dugu ahaztu eta ahal dugunean ekingo diegu berriro ekimen guztiei, zuentzat, gustoa baduzue.

Maiatzaren 30ean ireki genituen ateak, jakin gabe zer zetorkigun. “Normaltasunetik” urrun egon gara beti, eta orain, berriro, okerrago, bistan denez, denontzat.

Gure aldetik, sektore bezala, faltan bota izan dugu harreta edo erreakzio-ahalmen gehiago sektore publikoetatik. Eskualde bezala egin behar dugula aurre uste dugu guk, elkarlanean, eta horrek egoeraren nondik-norakoak partekatzea eskatzen zuen. Eta eskatzen du, aurrera egiteko bideak urratzeko, egokitzeko (adaptazio ahalmena izango da, beti bezala, gakoa). Lanketa hori ez da oraindik egin, eta premiazkoa da, premiazkoa izaten jarraitzen du. Eta sektore publikoak hartu beharko luke horren ardura.

Gure bailarak, ondokoekin batera, asko du eskaintzeko, eta, gure sektoreaz ari garela, gure ustez horrek elkarlana eskatzen du, osagarri bihurtzea, batak bestea kontuan izatea. Bakoitza bere berezitasunekin, indar-guneekin eta balio-erantsiarekin, baina era batera edo bestera eskutik. Eskaintzeko duguna, gure ondarea -pertsonak, natura, eraikinak, historia, museoak, gazteen indarra eta ekimenak… dena-, balioan jartzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu.

Guk hori eskatzen, bilatzen eta bultzatzen jarraituko dugu, gure txikitasunean baina (gure neurrian) anbizio guztiarekin, eskaintzen duguna, eskaintzeko duguna, hobetzen eta zabaltzen joan dadin. Zuek, lagun eta kide, taberna-jatetxeko bezero zein Euskal Herritik edota kanpotik etorritako bixitari, lasai eta seguru etor zaitezteen eta pozik joan zaitezteen.

Hiru uda batean

Gure kasuan, ekaina, uztaila eta abuztua oso hilabete ezberdinak izan dira. Ekainean inork ez zekien oso ondo nola “hasi” bizitzen itxialdiaren ondoren, eta hori gurean ere oso garbi ikusi genuen. Bakoitzak bere arloan edo inguruan ikusiko zuen bezala. Jendea poliki-poliki hurbiltzen hasi zen eta uztailean koska bat egin genuen gora; eta geu ere, errodaje pixka bat egina ordurako, erritmoa hartzen, seguruago. Logelen erreserbek ere gora egin zuten eta Kataluniatik, Alemaniatik, Madriletik, Aragoitik, Flandriatik, Herbehereetatik edo Portugaletik bixitariak hartzen hasi ginen… birusaren inguruko berri txarrek emari hori abuztuaren bigarren erdian eten zuten arte. Abuztuan Estatu espainoletik kanpo jende gutxiago etorri zen, nabarmen, eta Aragoitik edota Kataluniatik, aldiz, gehiago.

Oro har, askoz turista eta batez ere talde gutxiago. Erreserba bakanak eta egun gutxikoak udan, eta udazkena eta negua ilunak datozte.

Etorri zaretenok ezagutzen gaituzue dagoeneko, baina hobetzen jarraitzeko ilusio handia dugu. Poliki-poliki joango zarete gure bilakaera ikusten, eta, espero dugu, gozatzen. Geroz eta bilgune-puntu goxoagoa (eta gozoagoa 😉 , lasaiagoa eta seguruagoa izan nahi dugu, eta etortzen zaretenontzat puntu interesgarri bat, gainera.

Bizikletaz etorri nahi duzuenontzat/dutenentzat zerbitzu esklusiboa prestatu dugu, eta horretan sakontzeko asmoa dugu. Aurki albiste polit bat izango dugu arlo honetan.

Egoera orokorrak leihoak irekitzen dizkigun neurrian joango gara geu ere eskaintza zabaltzen, sorpresatxoak prestatzen.