Abaraxka Aterpetxea

Badira ibilian aurkitzen dituzun aterpetxeak, bidean agertzen zaizkizunak, joan-etorriko babesleku direnak… Nolanahi ere, bada aldi berean aterpe eta helmuga den kokagune bat: Abaraxka du izena.

Aterpetxe ederra da, lasaia eta isila; Azkoitiko ertzik garaienetako batean kokatuta dago. Herrigunea du aurrean, mendia atzean, eta gainera, berezko balkoia izango balitz bezala, Urola bailara du ikusmiran, non izen bereko ibaia isuriz doan. Izarraitz mendilerroaren magalean dago; gorantz begiratuta, Erlo, Kakute eta Xoxote tontorrak ditugu ikusgai. Aparteko lekuan dago Abaraxka: Ignaziotar Bidearen baitan, Azpeitiko herrian kokatutako Loiolako basilikatik 3 kilometro eskasera. Hantxe jaio zen Loiolako Inazio santua, eta bertan dago haren hilobia. Burdin Aroko Munoaundi herrixka gotortuaren aztarnak ezagutzeko bidea ere Abaraxkatik abiatzen da, Txalintxo mendian gora.

Gainera, aterpetxearen azpian dago bizikletaz edo oinez ibiltzeko eskualdeko bide berdea, orobat mendian ibiltzeko edo naturarekin lotutako edozein jarduera egiteko ibilbideak. Bestalde, Abaraxka Zestoatik hamabost minutura dago autoz edo autobusez; bainuetxe-herri horretan dago UNESCOk Mundu Ondare izendatu zuen Ekain leize miragarria. Ostera, hogeita bost minutuan irits gaitezke Zumaiako Itzurun hondartzara. Euskal kostaldeko ederrenetako bat da, itsaslabar ikusgarriekin: flysch ibilbidearen hasiera da, Debara bitarteko zortzi kilometroko kostan. Hitz aleman horrekin izendatzen dira sedimentu-jatorriko haitz-geruza formazio txundigarriak: haien bitartez, gure planetak urterik urte bizitakoa kontatzen digu. Eta 30 kilometrora dugu Zarautz, euskal surfaren sehaska, kirol hori praktikatzen dutenentzako nazioarteko gune ezaguna den herri oparoa. Hori gutxi ez, eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuak distantzia bertsura ditu Abaraxkak: 40 kilometrora nola Donostia, hala Bilbo, eta apur bat gehiagora Gasteiz nahiz Iruñea.

Abaraxka erleek egindako gelaz betea izanik, aterpetxeak ere 2, 4 eta 8 lagunentzako gela erosoak dauzka bisitarien eskura. Erlauntzan ohi denez, badu erle-erreginarentzako bizigunea ere: bi solairu, hiru gela, egongela, jangela, bainugela eta terraza ditu.
Taldeekin mintegiak, tailerrak edo jarduerak egiteko, berriz, aterpetxeak badu areto zabalik. Horrez gain, terraza eta egongela ere baditu, bestelako zerbitzuekin batera, hala nola doako wifia eta aparkalekua, igogailua, berogailu zentrala, mugikortasun urriko lagunentzat egokitutako guneak eta haurrentzat atondutako aire zabaleko espazioak.

Eraikin berean txertatuta dago Mikel Uria jatetxea, gosari, bazkari edo afariak eztitan bezain goxo dastatzeko lekua, eta Bizilore, neska-mutikoek biziaren argizaria egiten ikasteko hezkuntza proiektu berritzailea.

Abaraxka: erdi-erdian egon beharrik gabe, hurbil egotearen alde on guztiak!